XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behin batean, eta ikustekoak ziren bost urteko mukizu bati horrelako gauzak minik egin gabe azaltzeko aitaren nekeak, serio-serio muxukatu omen zion aitari gaueroko azken laztana ematera ohe ondora joan zitzaionean, aita, hildakoek non dute etxea?

Beste behin, sei urte doi-doi izango zituen, amak janariak eta arropak erosteko txanponak behar direla esan zionean, segundu batzuk, gutxi, arazoa hausnartzen egon ondoan, honela erantzun omen zion: bai, ama, baina txanponak non erosten dira?

Eta beste batean, berriz, koskorragoa izango zen noski, otorduan ari zirela, inorekin baino areago bere buruarekin ari zelarik, honela kezkatu omen zen: aita, zu zergatik joaten zara egunero lanera? nork agintzen dizu?

Eta zuria erdi-erdian harrapatu nahirik edo, bi eta hiru bider errepikatu omen zuen, nork? nork?...

Baina Carlosen historia bitxia halere geroxeago jaio zen, hamahiru-hamalau urte bete eta harrapatzen zituen egunkari-aldizkari guztiak hasi eta bukatu graskada batean iresteko ohitura grinatsuak bere mendean hartu zuenean.

Aurrerapen teknikoen berri edatea zuen gustokoen.

Denbora laburrez konputagailu, ikusgailu, entzungailu, radar, satelite eta antzeko tresna berri-berrien berri bereganatu zuen maisu-maistra etsituen haserrerako.

Bai, maisu jauna, esango diot semeari latina ere ikasi behar duela.

Baina espazioko gertakari harrigarrien komikiak gure gelako armairuaren kajoirik ezkutuenean gordetzen bagenizkion ere, berriagoak eta politagoak ekartzen zituen gure seme ase ezin horrek lehengo bilduma betea are lodiagotzera.